Maite Franko – Ipuin Kontalaria

Bazen behin Maite Franko

Bi lekutan jaio zen kontalaria, Irunen halabeharrez eta Hondarribian itsaso beharrez (1971ko irailak 7), txipiroi-arrantzale eta lehorreko lamia baten zazpigarren alaba dena. Familiaren ohitura zen seme-alaba bakoitzari arrain izen bat egokitzea. Maiteri antxoa deitu izan zioten nahiko heldua izan arte; amatasunarekin batera, balea; gaur egun berriz, izurde–irribarrea. Izurde-irribarrea duen neskari kostatu zitzaion lehen bainu luzea hartzea. Oinak bustitzen hasi zen lehendabizi, antzerkigintza, irakaskuntza, bikoizketa eta literaturaren ur handietan busti ere.

ETA ANTXOA TXIKIAK ozeanoa ZEHARKATU ZUEN!

Behinola, 2004 urtean uretara, dzanga!!

Ipuin-kontalaritzaren ozeano barea deskubritzean berriz, plisti-plasta!!, zeharo murgildu zen. Geroztik ere, 2.004 urtetik, bertan dabil zeharo murgilduta, ordutik hona (2.025) 4.000 saio baino gehiago eskainiz. Bertan, ahoz aho nabigatutako ipuinak, argitaratu berriak zein berak sortutakoak jolas, asmakizun, kantu eta dramatizazioekin nahasten dira, barruan umore, misterio, mezu positiboak eta kresala ugari daramatzatelarik. Izurde-irribarrea duen neskak ume txikiak, koxkorrak, korrokoi gazte, edo legatz helduak, taka-takan igerian dabiltzan bixiguak …, guztientzat badu zer kontatu eta zer kantatu, ixtorio eta mixterio franko, zirrara eta ikara nahiko.

Urpean aurkitu ditu piratek kareletik botatako ipuinak; urpean entzun baleen sabeletako antzokietan kontatzen zirenak; urpean jaso ere dortokek egunetan eta egunetan zehar azaldutako epopeia luzeeeeeak. Izurde-irribarrea duen neskak kontaketa modu anitzak erabiltzea maite du. Hasi hitzaren biluztasunetik eta jarraitu elementuren bat jantzita (panpinez edo umeen parte hartzeaz kontatzea ere gustukoa duela, alegia. Izan ere, publikoan ere badira elementu ederrak lagungarriak suertatzen direnak.) Gaiak ere anitzak izaten dira saioetan, nahiz eta azkenaldi honetan, eskaera olatuei erantzunez, monografikoak barra-barra ari den sortzen. Monografikoei dagokienez, berak sortutako ipuinetan oinarritutako (eta material didaktikoaz lagundutako) Berdinola eta Babesola izeneko programak ere badaramatza zenbait udalerritan gai jakinak lantzeko. Parekidetasuna, Kulturartekotasuna eta Drogamenpekotasunaren prebentzioa dira programa hauetako gaiak.

Antzerkia, telebista, bikoizketa, idazketa, irratia eta pedagogia

Oholtza, pantailak, letrak, eskola eta uhinetan igerian

Antzezle gisa Dar-dar antzerki taldearekin ibilitakoa dugu, umeei zuzendutako hiru lanetan parte hartuz (2009 urtera arte Pinotxo, Egizu lo Tartalo, Andersen ahatetxo itsusia…). Euskal Telebistari dagokionez, Goenkalen (Gemmaren paperean 2002an) ikusi ahal izan genuen hainbat hilabetetan, eta Goazen telesailean ere 2020an azaldu zen, Lourdes Etxeberriaren azalean (adin txikiko zentroko langile gisa). Haren ahotsa ere agian entzun duzu, marrazki bizidunetan, Rantaro-n Shinbeiren paper koprotagonikoa eginez (2008) edo, ipuinak aitzaki, Euskadi Irratiko uhinekin jolasten Argi Ibili saioko kolaboratzaile (2024ko ekainetik).

Idazle lanetan ere badabil, eskarmentu handikoa ez bada ere (badakizu, ur azpian idaztea konplikatu samarra da, baita txipiroi-tinta erabilita ere). Aipagarrienak, umeentzako liburu bat (2004, Ixone isilik, Aizkorri argitaletxekoa), Dar-dar antzerki taldeak taularatutako bi antzezlan, hainbat aldizkaritan ipuinak, euskara ikasteko materiala (Gipuzkoako AEKn) eta 2012z geroztik Oparipuinak idazten ditu (ipuin pertsonalizatuak; webgune honetan hainbat irakurgai).

Irakaskuntzan eta hezkuntzan berriz, pedagogian lizentziatu ondoren (1993), euskara irakasle gazte zein helduekin (Irungo AEKn, zazpi urtez), antzerki irakasle ume zein gaztetxoekin (Hondarribiko ikastolan sei urtez) eta hainbat tailerretako dinamizatzaile ibilitakoa dugu (sormena eta kontaketa, tarteka).

letren artean

Izurde-irribarrearen sekretua

Pipitaki, papataki, nire sekretua nork daki?

Beraz, badakizu, marinel; badakizu, arrantzale; badakizu, kresala zale: ipuinen ozeano barean zabiltzala antxoa eta balea izandako izurde-irribarreko neska topatzen baduzu, igo ezazu zure itsasontzira, eta, trukean ezagutzen dituen istoriorik xelebreenak kontatuko dizkizu. Eta haren hitzak biluztea lortuz gero, agian irribarre hori gainetik kendu ezinda zergatik ote dabilen ere azalduko dizu.